UR euskaraz 2017-07-17T13:30:16+00:00
logo_izaki

UR, itsasoko erraldoia

UR el gigante del mar
UR, el gigante del mar

Bazen behin batean, orain dela urte asko eta asko, itsasoko erraldoi batek babestutako lurralde bat. Biztanleak ekaitzengandik babesten zituen, eta olatu suntsitzaileen erasoetatik, eta amaiezinak diruditen enbatengandik. Bidaia luzeetan babesten zituen, itsasoak zeharkatzerakoan, eta izarrak irakurtzen erakusten zien, korronteen artean norabideari eutsi ahal izateko.

Itxurakeriaren aurrean ere babesten zituen, eta mehatxuen aurrean, gezurrean aurrean, eta denborarekin aldatu ohi ziren arriskuen aurrean.

Zeruari otoitz egin aurretik, otoitz egitean zerura begiratu baino lehen, otoitzak zuzenean itsasoari eskaintzen zitzaizkion abestiak eta hitzak ziren. Lurralde hartako ofrendak eta festak, UR handiari eskaintzen zitzaizkion, ospakizun modura. Ura bizitza dela gogorarazteko, bizitza dela handiena esateko, eta errespetua zor zaiola oroitzeko.

UR handiak ederki zekien, zein garrantzitsua zen itsasoko ura garbi mantentzea.
 Ederki ezagutzen zuen uraren magia eta ahalmena, inork ez lapurtzeko ezkutuan zegoena.
 Bazekien bi ur tanta gaziren artean has daitekeela dena, distantziara putz egindako haizearekin, esperantza milia askorekin, eta oraindik sortu gabeko ilusioekin. Berak egiten zuen putz, olatuak egunen magalera iristen zirenean eta marinelak portura arribatzen zirenean, etxera heltzeko.

UR, el gigante del mar

UR, begi urdindun erraldoia, itsasoaren begiak zituen erraldoia, begiradarekin hitz egiteko gai zen, ahoa zabaldu gabe. Begirada bihotzera lotuta, alde okzipitalera beharrean, hutsik egin gabe zekien nor ari zen gezurretan, eta nork esaten zuen egia.

Nor aritzen zen kontzientziak bultzatuta, ala nor bultzatzen zuen onura pertsonalaren haizeak bakarrik. Nork zabaltzen zuen eskuetan zuena, ala nor aritzen zen lehian gero eta gehiago lortu nahian.

Historian barrena, URte asko eta askoan, kultURaren oinarria ura errespetatzea eta gURtzea izan zen. Jendea beharrezkoa zuena lortzeko soilik aritzen zen lanean, bakean eta zoriontsu bizitzeko. Ez zegoen norberekoikeriarik, itxurakeriarik edo handikeriarik.

UR handiak ez zuen horrelakorik sortzen uzten, eta kontzientziarekiko ardura galtzen hasten zena, gaua itsasoan pasatzera zigortzen zuen, egUr zati bati lotuta. Hurrengo goizean, itzuli egiten zen zentzua, eta kontzientzia berreskuratuta, dena normaltasunera bueltatzen zen.

UR, el gigante del mar

UR eta bihotza

UR, el gigante de mar
UR, el gigante del mar

UR erraldoiaren arma handiena maitatzen jakitea zen, indarraz eta tamainaz gain. Bazekien bihotzarekin bakarrik osatzen eta sendatzen zela guztia. Eta bazekien, noizbait dena aldatzen baldin bazen, lurra eta itsasoa betiko deskonektatzeagatik izango zela. Lurra lehortzen uzteagatik, lehenera ekarri ezinik.

Jendearenganako, animalienganako eta landareenganako maitasunak izaki oso berezia bihurtu zuten UR. Ez zen gai inori minik egiteko, eta tonaka elikatzen zen itsasoko algekin eta plasmarekin. Lanbro bihurtuta, heldu behar den lekuraino heltzen den kresalarekin eta iodoarekin. Poroak zabaltzen, odola bizkortzen eta lasaitasun ederra sortzen duen nahasketa horrekin.

UR itsas bazterreko hondarraren gainean lokartzen zen. Hotzaren edo beroaren taupadak sentitu gabe, olatuen laztanekin lo egitea gustatzen zitzaion. Ahoz gora etzanda, ilargiarekin solasean, eta izarrei putz eginez, haiek itzali nahian. Eskuak bularraldean pausatuta, olatuen erritmoan arnasa hartuz, ametsetan hasteko irrikitan. Lotan ere, adi egoten zen, eta lurralde berezi hartako bizitza eta alaitasuna zaintzen zuen.

Sentimenduen eta emozioen zaindaria zen, sekretu sakonenen babeslea, itsasotik maitatzen ikasteko formularen gordailua. Zerbaitegatik baldin bazen ezaguna, bere alaitasunagatik, sinpatiagatik, eta besteak zaintzeko eta laguntzeko prestutasunagatik zen. Berdin zion zer eta zein. Beharrezkoa baldin bazen, bere botereaz baliatzen zen, eta itsasoa bitan zabaltzeko gai zen.

URLUR izena zuen lurralde berezi honek, eta ur lurra eta bake lurra zen.

UR eta hizkuntza

UR, el gigante del mar
UR, el gigante del mar

UR erraldoi bihozbera zen. Maite zuen itsas bazterrean ibiltzea. Oso indartsua eta oso argia zen, hartz bat bezain iletsua, eta beti erne egon ohi zen. Bizitza eman zion hitz hartan oinarrituta, hizkuntza sortu zuen. Izenetan eta abizenetan erabili zuen. Lekuei, mendiei eta ibaiei eman zien hizkuntza hura, hitz harekin, hitz haiekin. Baita haurtzarotik erabiltzen ziren gauzei eta gainerakoei ere. Bizirik iraun behar zuten hitzei eta esaerei… senide, lagun eta ezagunentzat hizkuntza hura sortuz.

Ur, lur, ziur, beldur, elur, euri, urdin, urbil, sudur, mutur, kultura, eskura, gezur, gure, egur, agur, urruti, urrun, urte, urduri, urtu, aurdun, zuria, urdaila, buru, liburu, helburu,…
ur, urko, urki, ….
urbieta, uria, uranga,….
urdaibai, urbasa, urkiola, urola, urdaneta, urteta, …

Ur, hezur, (ez ur)

Urte askoan, lurralde honetako izaki mitologikoek bazuten elkarren berri, eta bakean bizi ziren. Errespetua zioten elkarri, eta besteekin proposatzen eta egiten zuten guztia errespeta- tzen zuten. Baina denek zekiten hain berezia zen hura guztia zaintzeko UR zein garrantzitsua zen. Bazekiten ura bukatzen bazen, kontzientzia ere bukatuko zela, eta bakea iluntasunak estaliko zuela.

URLUR lurra

ur_zarautz
UR arditurri

UR handiak ez zuen gerrarik onartzen. URLUR hartan ez zegoen armarik eta borrokarik. Lelokeria batengatik eztabaidan ari zenari, suak itzaltzen lana ematen zion, horrekin entretenitzeko. Edozein, edonondik helduta ere, ongietorria zen URLUR hartan, proba erraz batzuk gaindituz gero.

Kontzientzia neurtzen zitzaion, eta zainetan zuen argitasuna eta ur kopurua. Norberekoikeriaz egindako guztia, eta gainerakoen mesederako egindako dena. Zutik jarrita, ura bihotzeraino heltzen ote zitzaion, ala nekez heltzen ote zitzaion bertara. Ilusioarekin bizi ote zen, edota begiradak mendeku gosea ezkutatzen ote zuen, kondena zaharrengatik.

URLUR hartan denek zekiten, bakoitzak zenbat ur eta zenbat lur zuen barruan. Zenbat urekin eta zenbat lurrekin osatuta zegoen bakoitza. Denek zekiten lurra arrazoia dela, eta ura bihotzetik sortzen den kontzientzia. Garenaren %30 aldatu ezina dela, halabeharrez. Eta gainerako %70, gatzarekin dabilen ura, salbuespenik gabe.

URLUR hartan denak garrantzitsuak ziren, mendian bizi arren, edo hondartzan, dena harea den lekuan. Egiteko garrantzitsuren bat zegoenean, talde handitan antolatzen ziren, auzolanean. Bakoitzak bere berezitasuna zuen, eta bere espezialitatea, eta inor ez zen ibiltzen kalean galdutako arimen antzera. Ez zegoen nagusirik edo morroirik lanean, ezta justizia faltsurik eta epai bidegaberik ere.

Urte askoan, URLUR benetako paradisua izan zen. Mugarik gabe, agiririk gabe. Kontrolik eta baimenik behar izan gabe. Denek eskubide berak zituzten, kolorea, sorlekua edota pentsamoldea kontuan hartu gabe. Denek zuten, salbuespenik gabe, ura, janaria, lana eta bizileku duina.

URLUR lurralde ezberdinek osatzen zuten, eta mendi, haran eta errekek elkartzen zituzten lurralde haiek. Itsaso ederra bezain basatia zuen iparraldean, eta helduenak haren magalean ibiltzen ziren oinez, haurren antzera. Benetan egun hotzak ere heltzen ziren arren, itsasoak ematen zien guztiaz gozatzen bizi ziren. Guztien artean, sekretuekin betetako itsasontziak eraikitzen zituzten, lau haizetara nabigatzeko, mendeetan urpean iraun duten lekuetara

Sorginkeria

UR, el gigante del mar
UR, el gigante del mar

Baina gau ilun batean, UR dagoeneko loak hartuta zegoenean, amets egin zuen, eta sekula ez zen esnatu amets hartatik. URLUReko biztanleak kezkatuta biltzen ziren, eta gauero ordu berean kantari eta eskean aritzen ziren.

UR handiak erakutsi ziena kantatzen zuten. Ahal zutena kantatzen zuten. Egunsentia heldu arte kantatzen zuten, etsita ahultzen eta nekatuta eror tzen ziren arte. Ilargiari galdetzen zioten. Eta eguzkiari, eguna heldu orduko. Bisitan heltzen ziren izaki mitologikoei galdetzen zieten. Mari, Akerbeltz, Tartalo, Olentzero. Inork ez zuen ulertzen zer gertatzen zitzaion UR handiari. Ez arbasoen magiak, ez lamien kantuak… ez zioten UR erraldoiari bizitza itzultzen.

UR dagoeneko ez zen ura. Ez zuen emoziorik sentitzen. Harrizko haitz handi bat bihurtu zen, eta denborarekin landareak eta zuhaitzak hazi ziren bere soslaia zuen mendi hartan. UR gurtzeko lekua ere prestatu zuten bertako biztanleek, erraldoiaren bihotza taupaka mantendu nahian. Eta Torreoia deitu zioten magiaz betetako dorre hari.

Inork ez zuen ulertzen, egun batean zergatik aldatu zen dena, konponbiderik gabe. Inork ezin zuen azaldu, zer zen UR handiaren bizitza eta taupadak ebatsi zituen amets hura. Halako ezustekoarekin, inor ez zen ohartu ere egin zorigaiztoko egun hartan gauza bera gertatu zitzaiola jaio zenetik berarekin jolasten zuen baleari ere. Hura ere harri erraldoia bihurtu zen, zuhaitz eta paseoekin, eta kolore apurreko loreekin, euriaren eta urtaroaren arabera.

UR handiak babesten zuena eta UR handiak bizitzarekin betetzen zuena, betiko lo geratu zen, inolako azalpenik eta inolako arrazoirik gabe. URLUR hartan ez zen beste konturik, sorginkeria hartan zegoelakoan herri osoa loturik. Urteak pasatu ziren, URLUR desagertu egin zen azkenean, eta bertako biztanleak tristuraz eta atsekabez hil ziren. UR handiaren babesik gabe, ezin izan zieten hurrengo neguei eutsi, eta haize eta eurite bortitzei aurre egin.

Enbatak gero eta handiagoak ziren, eta udan jasangaitza zen beroa. Lurrak apenas ematen zuen fruiturik, arrainak kutsatuta zeuden, eta izua gailentzen hasi zen. URLUR desagertzen ari zen, ura gorputzetik eta taupadak bihotzetik desagertzen diren bezala. Belaunaldi haren ilusioak, ametsak eta sentimenduak desagertu ziren.

UR, el gigante del mar

Euskal Herria

UR, el gigante del mar

Mende askoren ondoren, URLUR izan zen lurraldea Euskal Herria bihurtu zen. Biztanle berriak euskaldunak ziren, eta bertako hizkuntza, kultura, lurra eta ohiturak bereganatu zituzten. Lurralde hartan aurkitu zutena maitasunez zaindu zuten, baina ez zitzaien erraza izan bazter guztiak arakatzea, hainbesteko landareriarekin eta edertasunarekin. Bailaretara eta mendietara zabaldu ziren, haitzuloetan bide berriak bilatu nahian, baina UR handiaren sekretuak oso ondo ezkutatuta zeuden, eta lurrak eman zien atentzioa, ez itsasoak.

Euskal Herria leku garrantzitsua zen. Indarra eta ohorea islatzen zituen, eta zaila zen lurralde hura kolonizatzea. Gerra batetik bestera, inork ez zuen lortu euskaldunei lurra kentzea eta euskaldunak jainko berrien aurrean belaunikatzea. Baina hainbeste eztabaida eta borroka artean, ahaztu egin zuten UR bihotza zela osorik. Bizitza bandera bat baino gehiago dela, eta indarkeriak indarkeria gehiago ernaltzen duela, etsipena areagotuz.

Horrela bizi ziren euskaldunak, lan askorekin, ahalegin askorekin, sufrimendu gehiagorekin, eta abesti ederren batekin. Euskal Herria lehorreko herria bihurtu zen, eta ahaztu egin zuen itsasoarekiko lotura. Sustrai sendoak bilatzen zituen, baina bihotza hoztu zitzaion. Sorginkeriak, akelarre handiak eta inkisizioaren kontuak besterik ez ziren entzuten. Historia lehorretik idazten zen, arrazoia inposatuz.

Gizon zakarrez, aita bihozgabeez, eta sentimendurik eta bihotzik gabeko herritarrez hitz egiten zen. Ama eta lurra ziren emakumeez. Altzairua bezain hotzak ziren harremanez, ikatz koloreko sekretu ilunek estaltzen zituztenez. Lotsak eta zuhurtziak betiko isilpean gorde zituen sekretuak ziren haiek. Zentzugabekeriaren ur uherretan grabatutako sekretuak. Belaunaldiz belaunaldi min egiten dutenak. Hilketa, bortizkeria eta bortxaketei buruzko sekretuak. Edozein konstelaziotan berpizten direnak.

UR, el gigante del mar

Artzaina eta UR handiaren sekretua

UR, el gigante del mar
UR, el gigante del mar

Udaberriko egun batean, artzaina deitzen zioten gizon batekin zerbait arraroa gertatu zen. Artalderik eta makilarik gabeko artzaina zen. Itsasoarekin bakarrik egotea zen bere pasioa. Olatuak munduaren taupadak direla esaten zuen, eta itsasoa dela bihotza. Olatuak munduaren taupadak dira, eta itsasoa da bihotza. Paseoan zebilen batean, itsas bazterrean aurkitu zituen marrazki batzuek atentzioa eman zioten. Harearen koloreko zuhaitzak ziren, marearen arabera distira egiten zutenak eta formas aldatzen zirenak. Zuhaitz serioak ziren, sustraien antzekoak, eta tristura nabaritzen zitzaien, desolazio urte luzeetan hazi balira bezala. Zuhaitz haiek etzanda ageri zirela ohartu zen artzaina, eta ez zirela batere ohikoak. Beste belaunaldi batekoak ziren.

Batera eta bestera ibili zen, nekaezin, arrasto gehiago aurkitu nahian, kopiarik eta helbiderik gabeko edertasun hura sortu zuten artisten bila. Eta putzuzulo batzuetara heldu zen. Udan itsasoak lurralde hartako haurrak irribarre artean bataiatzen dituen putzuetara. Ametsen fabrikak dira, nagusirik gabeko lekuak, eta haurrek babestuta jolasten dute haietan, bihotza elikatuz. Bizitzaz betetako zuloak dira, energia hutsa, eta urak amaituko ez den ilusioaren usaina du. Artzainak ulertu zuen zuhaitz berezi haiek ura hartzen zutela, egunero hazten zirela, eta posturaz ere aldatzen zirela. Ez zeudela bi zuhaitz berdin, eta marearen arabera hazten eta aldatzen zirela, batera edo bestera. Ur azpian sartu zen, begiak zabaldu zituen, eta magia kolpe batekin, erabat aldatu zitzaion ikuskera. Itsasoaren azpian ikusteko gai zen artzaina. Olatuen mugimendua irakurtzeko eta olatuen funtzioa sentitzeko eta ulertzeko gai.

Olatuak bihotzaren taupadak nolakoak diren erakusteko adibidea besterik ez direla ulertzeko gai. %70 ura baldin bagara, eta negar egiten dugunean gazi isurtzen badugu, itsasoa dela eta ez ura, lurrak eta anbizioak osatutako gainerako %30aren kontrolpean. Kanpoan ikusten duguna ispilu erraldoi bat besterik ez dela, ikus gaitezen, historia eta egoera bakoitza ulertu ahal izateko. Ispiluan gure burua ikusteak balio duela ikusten hasteko, ikasteko, begiak zabaldu eta itsasoarekin lotuta, konponbideak aurkitzeko.

Artzainak zenbait hitz aurkitu zituen, itsasoaren azpian idatzita, hondarretan, abesti batean bildutako azalpenak: “Bizitza berriro ere bizitza izan dadin, iluntasuna desagertuta eta maitatzea ezinbestekoa bihurtuta, esnatu UR, bihotzeraino ura eramanda”. Artzainak gorantz begiratu eta abestiaren esanahia ulertu zuen.

Benetan arreta jarrita, bere paseoen arrazoia sumatu zuen. UR handia etzanda non zegoen aurkitu behar zuen, mendeetan zehar harri bihurtutako balearekin batera. Kondaira benetakoa zen, eta abestietan entzuten zena ez zen ipuin hutsa, sustrai sendoak zituen historia baizik.

Nahikoa zen itsasertzean etzatea, amets ilun guztiak ahaztea, eta bihotzarekin begiratzea. Nahikoa zen ulertzea, ausardiarekin eta bizitzari itsasotik begiratzearekin, egun batean, ikuskera berria sortzen dela.

bosques del mar

Artzainak bazekien inork ez ziola sinetsiko, eta gaia atera orduko isilaraziko zutela, lehen solasaldian. Ispilua eta kontrako olatua izateko modua aurkitu behar zuen, beldurrari eta salaketa merkeei aurre eginda. Bazekien egunen batean egia gailenduko zela, UR handia zergatik lokartu zen ezagutaraziz. Amets batek nola bihurtu zuen harri, URLUR madarikaziorik handienak hartu balu bezala.

Artzainak, ur azpian ikusteaz gain, itsasoko urarekin sendatzen laguntzen zuen. Oinetan jartzen zituen eskuak, eta gaitzak eta minak gelditzen zituen. Jendeak estimatzen zituen artzainaren eskuak, baina inork ez zion entzuten. Inork ez zuen arretarik jartzen historian. Sendatzea bakarrik nahi izaten zuten. Beraz, ipuin bat idaztea erabaki zuen artzainak, eta lau haizetara zabaltzea, guztia azaltzeko.

Esateko modu bakarra dagoela mundu hau errekuperatu dadin, hiltzera iritsi gabe. Ura partekatzea dela bidea, UR handia esnatuz eta mendeetan zehar galdu dugun kontzientzia berreskuratuz. Torreoia eta bihotza urarekin betetzea, eta bizitzari itsasotik begiratzea dela horretarako bidea

UR, putzuzuloak

UR handiaren ametsa

Azken batean, UR handiak ez esnatzea erabaki zuen, amets hura izan eta bere herrialdearen etorkizuna ezagutu ondoren. Negar egiten zuen, ez baitzuen ulertzen, bizitzarekiko errespetuan oinarritutako bere pentsamolde guztia handinahikeria hutsak nola suntsitu zuen. Jendea nola zen gai begirada gardena galtzeko eta plastikoaren eta kutsaduraren atzean ezkutatzeko. Zer gertatzen zen alaitasuna desagertzeko eta urak hodien eta ustelkariaren usaina hartzeko. Ez zuen ulertzen etorkizun hurbilean gizaki hitzak izango zuen esanahia. Ez zuen ulertzen jendea zergatik hilko eta itoko zen, aldameneko herriek kultURaren hiribiruak izatea ospatzen zuten bitartean, erabat axolagabe.

UR handiak bazekien zer gertatuko zen, eta hautatu egin behar zuen, bietako bat. Ekaitz handia sortu, eta lurra urez bete, urarekin batera dena bere bidera itzul zedin, ala lotan segi, mundua hipokresiaren eta suntsiketaren artean bueltaka utzita. Biztanle guztiek uler zezaten zein garrantzitsua den ura izatea, ura zaintzea, eta ura partekatzea, inor baztertu gabe.

UR handiak inoiz ez luke hautatuko gerra, lurra, eta burugabekeria. Eta lokartzea erabaki zuen, lo sakonean, gaur arte. Bizitza, zoriontasuna eta guztiaren hasiera zer izan zen erakutsi zuen. Hasieran ura, gatza eta ezagutza bakarrik garela gogoratuz. Guk hautatzen dugula bidea. Erraldoia esnatzea ala madarikatuta bizitzea. Koldarrak izatea, arretarik gabe. Ala benetan ausartak izatea, bihotzarekin maitatuz.

Ondorioa: UR oraindik lokartuta baldin badago, irakaspena ez da gustukoa izango. Beraz, hobe da bakoitzak hautatzea ipuin honek nola amaitu beharko lukeen. Aholku bakar bat amaitu aurretik: izan begirunea urari eta kontzientziari, ala bestela ez eskatu zurekiko begirunea bizitzari.

UR, el gigante del mar

Testua, bideoak, argazkiak eta musika:

izaki   desdeelmar   ph2otography   beardpath

Esker bereziak:
Joseba Etxabe: UR

Gari (itzulpena), Luca (the ocean), Gorka (lur), Aitor (Sagarmenta)

Safe Creative #1705042239867

TIENDA EN CONSTRUCCIÓN. NO ESTÁ DISPONIBLE Descartar